Gizartearen gehiengoa nirekin ados egon ez arren, teknologiaren kontra hitz egitea suertatu zait oraingoan, teknologia berrien kontra hain zuzen ere, ez baita gauza bera teknologia berriak aprobetxatzea eta neurriz erabiltzea edo dakartzaten ondorioak jakinda ere, haien menpe bizitzea.
Azken finean hori da gertatzen dena. Benedicto XVI. Aita Santuak esan zuen bezala, teknologia berrien ondorioz, jada hasiak gara errealitatea eta bizi birtualaren artean desberdintzen ez jakiten, eta honek errealitateari buruzko axolagabetasuna dakar. Gazteriari erreparatuz, errez frogatu dezakegu baieztapen hori. Nerabe bati jarri zeniezaiokeen zigorrik gogorrena zein litzateke galdetuz gero, jasotako erantzuna hauxe izango litzateke: ordenagailu edota mugikor gabe uztea. Nola komunikatuko dira bestela ba? Etxean txateatzen egon beharrean, edo mezuetan dirua gastatu beharrean lagunekin batera kalean hizketan arituz, edo zaletasun ezberdinak praktikatuz? Ezinezkoa litzateke, haien zaletasun eta menpekotasun bakarra ordenagailua baita, Tuenti deritzon sare soziala nagusi delarik. Zer esanik ez zaletasunei buruz, Joaquin Sabinak esan zuen bezalaxe, “Gimnasioak beteta daude, liburutegiek berriz, hutsik jarraitzen dute”, zaletasun ororen oinarria telebistak ezarritako estereotipoaren barne egotea baita. Dirudienez, gaur egungo gazteen bizipozaren oinarriak ez dira errealitatean zenbat lagun dituzten, Tuentiko errealitate birtualean “lagun” bezala agertzen diren ezezagun ugari izatea baizik.
Exageratzen ari naizela esango dit nonork, baina egia esaten ari naiz, oso-osorik, hurbiletik bizi izan baitut honen eragina. Uxue Arroitajauregi laguna dut istorio honen protagonista. Badira urte batzuk sare sozialarekiko menpekotasuna duela. Badakit agian hitz hori erabiltzea oso bortitza dela, eta gaixotzat ari naizela hartzen laguna, baina azken finean hori da teknologia berri mota honek dakarrena, menpekotasuna, gaixotasun mentalarekin batera. Sare soziala erabiltzen hasi zenetik, ikasketak alde batera utzi ditu, baita neurri txiki batean lagunak ere. Duela pare bat urte egun osoa ziharduen argazkiak ateratzen, geroago Tuenti-ra igotzeko. Zer esanik ez koadrilarekin batera dagoenean; denok barrez lehertzen edo elkarrizketan gabiltzan bitartean, mugikorrean, “Internet everywhere”a duenez, sarean dabil jo ta ke, Tuentiko lagun kopurua igotzen ari den bitartean, benetako lagunena jaisten doala, bera ohartu gabe. Gero, kurtso amaieran hamar penko etxera bueltan, eta errekuperazioetan gaindituz gero, gurasoen oparia: merkatuko iPhone-ik berriena. Hori bai hori konponbidea, arazoa oparitzea!
Probokatzen ari naiz, badakit. Baina ez naiz ari teknologia berrien aurka, gizartean izan duten eraginaren kontra baizik. Oraingoan, langabezian izan dituzten ondorioei buruz mintzatuko naiz. Jakingo duzuen bezala, azken urteotan, hainbat eta hainbat kaleratze izan dira. Haien zergatia: teknologia berriak. Perfektuki programaturiko makinak izanda, pertsonek ez dute lekurik lantegi eta enpresetan. Ez dut adibiderik jarriko, ziur aski hurbiletik bizi izan baituzue. Larritzen nauena ordea, ez da hori, jendeak horren aurrean erakusten duen erantzukizun falta baizik. Bizirauteko beharraren aurka egin beharrean, hau onartzea da amorrua ematen didana.
Oraindik, harago joango naiz, eta osasun arloan sartuko naiz. Nork ez du entzun inoiz sakelako telefonoa poltsikoan eroateak ugaltzeko orduan arazoak dakartzala? Txarrena da hau entzunda jendea barrez hasten dela, sinesgaitza iruditzen baitzaie. Ordea, guztiz egia da. Gainera, mikrouhin eta ordenagailuen uhinek arazo larriak ekar ditzakete, eta azkenaren kasuan horregatik gomendatzen da beti mahai baten gainean edukitzea. Guk aldiz, gure ezjakintasun infinitua adieraziz, hanken gainean jartzen dugu, dakartzan arriskuak jakinda ere. Tabakoaren kasuaren antzerakoa da hau, txarra dela jakinda ere, utzi ezin den ohitura.
Horregatik guztiagatik ozenki diot, teknologia berrien kontra nagoela. Berreskura dezagun gizakion arteko zuzeneko komunikazioa, has gaitezen premia ematen benetan garrantzitsuak diren gauzei, erakutsi dezagun makinarena baino lan hobea egin dezakegula, eta guztien arteko garrantzitsu eta beharrezkoena: has gaitezen osasuna eta zoriontasuna zaintzen, hauek baitira bizirik irauten jarraitzen laguntzen dizkigutenak.



