

Ziur nago exageratzen ari naizela esango duela baten batek, baina esandakotik harago joango naiz oraindik. Hona hemen EHUko Arkitektura irakaslea Fernando Bajoren ikuspegia hiri hauei buruz: “Iman bat bezalakoak dira landa-eremuetan bizi direnentzat: dirua, autoak, aukerak… telebistan ikusten diren gauza guztiak hirietan daude, landa lurra ez baita ezer garatu.” Ez da guztiz gezurra diona, izan ere, komunikabide eta gobernuek hori saltzen dute: bizi-maila paregabea, lan erosoa eta teknologia mota guztiak. Ordea, hirietara iristean gauzak aldatu egiten dira. Alde batetik, herrian ikasketak burutu dituenak, hirian dagoen jende aniztasuna dela eta, dagokiona baino maila beheagoko lana aurkituko du, lana aurkitzekotan. Bestalde, hiri hauetan langabezia handia da, eta herritarrak nekez aurkituko du lana hirian. Hau guztia izan ezean, ezinezkoa liteke gorago aipatutako dirua eta autoa eskuratzea, beraz, komunikabideetan saltzen dena errealitate ideal bat baino ez liteke.
Zer esanik ez nekazariei buruz. Merkataritza garapena dela eta, beren lurretako soroetan edota ukuiluetan diharduten nekazarien elikagaiek ez dute lekurik enpresa handien aurrean. Bakoitzari dagokion hitzak berak uzten du bistan hauen arteko alde izugarria. Zer egin dezake mikroekonomiak makroekonomiaren aurrean?
Hau guztia dela eta, nekazariak hiri handietara emigratzera behartuak sentitzen dira, enpresa handien menpe eta nahietara lan egitera nahitaez derrigortuak. Megahirietara iristean berriz, oztopoak baino ez dituzte izaten: Eguzkia irteten denetik ezkutatzen den arte aritu behar izaten dira lanean jo ta ke, diru-sarrera deritzoten miseria bat baino ez kobratzeko. Enpresa autonomoa izan nahi duena ordea, bere heriotzaren aurrepausu bat burutzen ari da. Izan ere, jabetza-eskubideak mugatuak dira, landa-eremuan doan izango lituzketen baliabideengatik (ura, etxebizitza, erregaiak) hirietan ordaindu behar izaten dute, eta haziak enpresei erosi behar dizkietenez gero, hazi antzuak saltzen dizkiete. Hori dela eta, ekitaldi txarra izanez gero, urtebeteko lana pikutara joaten da.
Probokatzen ari naiz, badakit, baina ez naiz ari hirien garapenaren aurka, honen deskontrolaren ondorioz sortzen ari diren megahirien aurka baizik. Oraindik azken oztopo bat izendatu nahi nuke: gehiegizko trafikoak dakartzan arazoak. Norbaitek esan lezake autoa teknologiaren aurrerakuntzaren emaitza dela, gizakiarentzat oso erabilgarria eta erosoa gainera. Nik ordea, ozenki eta harro diot auto-pilaketek kutsadura, zarata eta stressa baino ez dakartela, eta pixka bat erradikala izanez diot, ezinbestekoa ez den eta gizakion bizitza arriskuan jartzen duen edozer ezabatua izan beharko litzatekeela, guztiz.

Honegatik guztiagatik diot, hiriak handitzen saiatu beharrean herriak sustatzeari ekin beharko geniola, hiriko baliabide eta aurrerakuntza guztiak herrietara eramanez, lana langileengana eramanez, eta bizi-mailari garrantzi handiena emanez. Hau guztia esanda, eta hiriak etengabeko hazkundea daramatela kontuan hartuta, pare bat galdera bururatu zaizkit: etorkizunean, izango al dute mugarik? Eta, izatekotan, gizakiak jarri ahal izango ditu?