“Krisia gainditu nahi ezkero, ezinbestekoa da
kontsumitzea” diote gizartea eskuartean duten zigarroa
bezala kontsumitzen dutenak. Eta guk, gure ezjakintasun eta konfiantza osoz,
sinetsi. Gustuko ez ditugun ogibideetan egiten dugu lan, behar ez ditugun
gauzak erosteko guztion hobe beharraren izenean, baina, ohartzen al gara
agindutako ongizate hori ez dela sekula iristen eta lortzen dugun bakarra dugun
guztia zapuztea dela?
Zulo sakon honen gailurra
publizitatean dago. Hori da ihes-puntua, eta sarritan, bertatik ezin daiteke
zuloaren hondoa ikusi. Marketing estrategien ondorioz, publizitate mezuak
sinetsarazten dizkigute. Saldu nahi duten produktuaren alde onak erakutsi,
goretsi, eta batzuetan asmatu egiten dituzte. Alde txarrak ordea, letra txiki
eta arinen atzean ezkutatzen dituzte ausartenak. Beste batzuek, hori ere ez,
izan ere, printzipioz, euren produktuek ez baitute akatsik.
Baina, badirudi
saltzeko metodo hori zahartuta gelditu dela. Orain, produktua beharrezkoa
dela konbentzitzen saiatu beharrean, behar izan bihurtzen dute, batez ere
teknologia munduan. Ia egunero berriztatzen dituzte euren makinak. Lehen
edonork bere tresna zahartuta geratu zela esateko eskubidea bazuen, gaur ez du.
Geratzen zaion bakarra merkaturatutako teknologia berriena erostearen betebeharra
da. Bost axola DVDrik berriena baldin baduzu etxean, orain pelikula guztiak
Blu-Ray formatuan eginak daude, eta ikusi gura ezkero, dagokion
erreproduzitzailea erosi beharko duzu, nahitaez. Hau guztia, teknologia tresna
guztiekin. Jada, baduzu hanka bat zuloan sartuta eta hondoa ikusten hasia zara.
Bestalde, krisia
kontsumoarekin lotuta dagoela diotenak daude. Estatuaren ustez, egoera latz honen
erruduna gizartea da, argi eta garbi. Bizi osoa lanean iraun duten horiek euren
bizi-aukeren gainetik egin dute bidea, eta nola edo hala, ordaindu egin behar
dute. Horretarako, galdutako dirua berreskuratzeko gehiago kontsumitzearen
eskaera egiten du gizarteko piramidean goian dagoenak. Ostera, prezioak igo
egiten dira soldatek behera egiten duten heinean. Eta, zein da honen ondorioa?
Jendea behar-beharrezkoa dena erostera mugatzen dela, gehienetan. Benetan bizi
ahal izan dira euren aukeren gainetik, edo beste batzuen aukera okerrengatik
orain dagokiena baino bizi-maila baxuagoa izatera behartuak eta kondenatuak
izan dira?
Estatuak dioenaren kontra, kontsumismoak onura baino kalteak dakartzala uste dut nik,
herritar xehe bezala. Publizitateak, gobernuak eta makroekonomia osatzen duten
enpresa handiek gidatuta, beharrezkotzat jo dituzten produktuak erostera
behartuak izan gara, eta haien menpeko bihurtu gaituzte. Azkenean, zulora erori
gara,bertan preso geratuz eta bizi osoa inoiz igo ezin izango dugun azalean
utziz. Eurek ordea, goian jarraitzen dute, guk utzitako hondarrekin aberastuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario