martes, 31 de enero de 2012

GARENA EZ GARELA

Igande hura iritsi zen. Gogoan nituen eguna, ordua eta lekua. Etxeko atarian geunden aita, ama eta hirurok, maletak eskuan hartuta. Udaberriko egun eguzkitsu hura inoiz bizi izan dudan egunik ilunena bilakatu zen, amesgaizto hartako protagonista nintzen, eta itzartu egin nahi nuen; nahi eta ezin.


Gurasoak dibortziatu berri ziren, eta aukeratzeko ordua iritsi zitzaidan. Norekin joan erabaki behar nuen, baina, nola aukeratu? Ez zen supermerkatura joan eta sagarren edo madarien artean aukeratu beharra. Bizitza osoa norekin igaro nahi nuen aukeratzera behartua izan nintzen, aita edo amaren artean nor zen gehien maite nuena adierazi behar nuen, zabor guztia burutik atera eta aukeratu, baina, benetan bidezkoa al zen zazpi urteko umetxo batek hori egin behar izatea? Idazkera ikasi berria nuen urte berean nire etorkizunaren jabe izatera derrigortu ninduten.

Orain, ehun urte ditudala eta ohe honetan hiltzeko zorian nagoela momentu hartatik aurrera nire bizitza zein izan den kontatu nahi nizuke, seme, ez aukeratzearen garrantzia erakutsiz.

-Ez aukeratzearen garrantzia? –galdetu zidan semeak harrituta.
-Seme, batzuetan aukerarik egokiena ez aukeratzea da.
-Nola liteke hori posible? Burutik jota zaude, aita!
-Beno, utzi dezagun hizketa hau hurrengo baterako, baina gogora ezazu, seme: aukeratzen ez duzun bitartean, denak jarraitzen du posible izaten. Orain, itzul gaitezen 2005eko udaberri hartara.
Alde batetik ama neukan, etxeko atarian urduritasunak jota. Amatxoren hankek bizkor samar egiten zuten dar-dar, eta ni larritzen hasia nintzen. Amaren parean aita zegoen, taxi batean sartuta. Begiak malkoz beteta zituela, infinitura begiratzen zuen begirada galdu batez. Biak zeuden nik zer egingo zain.
-Norekin joan zinen? – galdetu zidan semeak jakin-minez

Taxia martxan jarri zen, eta konturatu baino lehen begi bistatik galdu nuen. Bat-batean hutsune bat sentitu nuen nire bihotzean, gero eta urrunago sumatzen nuen aita. Amak besarkada goxo bat eman zidan malko artean, Jainkoari eskerrak ematen zizkion bitartean, eta ni…ni izotza bezain hotz nengoen, geldi-geldi shock egoeran bezalaxe.

Urteek aurrera egin zuten, eta nerabezaroa heldu zitzaidan. Niretzako ez zen oso latza izan, izan ere, nahi nuen guztia eskura nezakeen. Ikasle ona nintzen, kirolari aparta, ederra, jatorra, zintzoa… edozein amak bere alabarentzako nahi izango lukeen mutila, amonak esaten zuen bezala: etxerako modukoa.
Behin institutua amaituta, argi nuen zein zen ikasi beharrekoa. Gurasoena gertatu zenetik, oso argi neukan abokatua izan nahi nuela. Inoiz ez naiz izan patuan sinesten duenetarikoa, ezta jaiotzatik denok daukagula idatzita eta mugatuta aipatutakoa, baina sasoi baten lelokeria hutsa zirudiena niretzako bizi-lege bihurtu zen. Berorrek agintzen ninduen zer egin momentu bakoitzean, eta guztiz txarto ez zebilela uste nuen. Unibertsitatean, Malen ezagutu nuen, zure ama. Malenek ere, zuzenbidea ikasten ziharduen. Karrera hasi nuen lehenengo egunetik izan nuen neska eder hura begiko, ez bakarrik begi hutsez ikusi zitekeenarengatik, baizik eta atentzioa ematen zidalako zuzenbidean zuela bere bizitzeko arrazoia, zuhaitz batek zutik mantentzeko enborra behar duen bezala behar baitzuen zuzenbidea Malenek. Gainera, honekiko ikuspuntu berezia zuen: dirua lortzeko lan egiten dutenek ez bezala, grina sentitzen zuen lan honekiko. Munduko injustizia guztiak uxatu eta konpondu nahi zituen lanaren bidez, norberaren eta guztion bizipozaren alde eginez.

Geroxeago, batera irteten hasi ginen, lagun bezala, baina agerian zen elkarrekiko genuen maitasuna ezin zitekeela lagun artekoa izan, eta maitale gisa jarraitu genuen gure arteko harremana. Bera izan zen lehen aldiz maitatu nuen emakumea, baita azkenekoz ere. Hotzikarek nire gorputza zeharkatzen zuten berarekin nengoen bakoitzean, bihotzaren taupadak bizkortzen zihoazen heinean nire gorputza gero eta pasiozko odol gorri gehiagoz betetzen zen. Oraindik ditut gogoan bere ezpain arrosa goxoak, baita batera igarotako magiaz beteriko gau izartsuak. Urte batzuk geroago zu jaio zinen, eta zure jaiotzarekin batera, Malen eta bion arteko harremana pixkanaka-pixkanaka ahulduz joan zen.

-Nahikoa da, aita. Ez dakit gaixotasunaren eragina baldin bazen, baina lar erromantiko jartzen ari zara, eta hunkitu baino lehen nahiago dut hizketa hau hemen bukatzea.
-Ez da gaixotasuna seme, maitasuna da. – erantzun nion nik olerki bat irakurtzen egongo banintz bezala.
-Zu bai zu, maitasuna. Orain amonarekin batera sekulako bizitza izan duzula jakinda, aitonarekin zer gertatu zen galdetu nahi nizuke.
-Hasieratik hasiko naiz, dena gertatutako tokira itzuliz. – erantzun nion.

Alde batetik ama neukan, etxeko atarian urduritasunak jota. Amatxoren hankek bizkor samar egiten zuten dar-dar, eta ni larritzen hasia nintzen. Amaren parean aita zegoen, taxi batean sartuta. Begiak malkoz beteta zituela, infinitura begiratzen zuen begirada galdu batez. Biak zeuden nik zer egingo zain.
Bat-batean taxia martxan jarri zen, eta aitaren aurpegia hain zen tristea, zeinen berarekin joatea erabaki nuen. Taxiaren atzetik hasi nintzen arineketan, maleta eskuan nuela, garrasi eginez. Gidariak, balaztada bortitz bat eman zuen, eta aitak malkoak begietan zituela irribarre eginez atea ireki zidan. Hain zegoen pozik…
Aitarekin batera Bartzelonako langile-auzo batera joan nintzen bizitzera. Ama urrun zegoen arren, astero idazten nizkion gutunak gertatutako abenturatxo guztiak kontatuz, eta noizbehinka aitatxok Bilbora eramaten ninduen ama bisitatzera.

Bartzelonan bizitza ez zen oso erraza izan. Dibortzioaren ostean, aita dirurik gabe geratu zen, eta Bilbotik joateak ez zion bat ere lagundu. Bartzelonan ezinezkoa izan zen berarentzat lana aurkitzea, eta amak ez zion sosik ere eman nahi. Ondorioz, zegoeneko banituen bi arrazoi iraindua izateko: batetik, eskolako ume “berria” nintzen, eta gainera pobrea. Hori gutxi balitz ere, hamabi urte nituela etxetik bota gintuzten aita eta biok, ordainketa faltak zirela eta. Egoera ikusita, ikasketak bertan behera utzi behar izan nituen, eta norbaitek botatako pizza zatia bilakatu nintzen zaborra deituriko mundu honetan. Non zegoen orduko hainbeste behar nuen ama? Tipo zahar zikin horrekin ezkondu zenetik zeharo ahaztuta ninduen.
Hamasei urte nituela, aita gaixotasunak jota hil egin zen, ez baikeneukan dirurik botikarik ordaintzeko. Izan ere, edonor sendatu ahal zitekeen zistitisarengatik, baina kalean bizirauten diharduenarentzako hori ezinezkoa da, beraz, infekzioa gibeleraino igo zen, eta handik gutxira aitak betiko agurtu ninduen. Ezin izan diot inoiz barkatu gertatutakoa amari, bere laguntza txikitxoenak aitaren heriotza saihestu izango lukeelako. Geroztik, kalean izan naiz, egunero pixka bat gehiago hiltzen, bizitzen baino.

-Et, et, et, et! Itxaron momentu bat. Nola liteke biak aukeratu izana, eta bi bizitza ezberdin izana? Nola liteke amarekin ezkondu eta ni jaio nintzen aldi berean zu kalean bizirauten egotea? Ez dut ezer ere ulertzen, aita. –galdetu zidan harriturik.
-Erantzuna oso sinplea da, seme: denbora da gauza guztiak aldi berean gertatzea eragozten duena.
-Orduan…esan nahi duzuna zu bizi zaren artean denborarik egon ez zela da?
-Hori erantzun egokia izan liteke, seme, baina… benetan ziur al zaude orain gu benetan hemen gaudela, benetakoak garela eta ez zazpi urteko umetxo horren irudimenaren ondorioz sortutako gizakiak?

Bat-batean lurrikara antzeko bat sumatu nuen. Inguruko paisaia eta jende guztia desagertu, eta etxeko atarian nengoen. 2005eko udaberria zen, zazpi urte nituen eta gurasoak dibortziatu berri ziren. Nik, norekin joan aukeratu behar nuen.

Alde batetik ama neukan, etxeko atarian urduritasunak jota. Amatxoren hankek bizkor samar egiten zuten dar-dar, eta ni larritzen hasia nintzen. Amaren parean aita zegoen, taxi batean sartuta. Begiak malkoz beteta zituela, infinitura begiratzen zuen begirada galdu batez. Biak zeuden nik zer egingo zain.

Zabor guztia burutik atera, eta errez hartu nuen erabakia. Etxeko ataritik ihes egin nuen arrapaladan, nire buruari zera esaten nion bitartean: aukeratzen ez duzun bitartean, denak jarraitzen du posible izaten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario